XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ANIMISMOA ZERTAN DEN GAUR EGUN

Bizi-bizirik dago animismoa. Lehenengo eta behin Afrikako zati handi batean tinko dagoen erlijioa delako eta 100 milioi kide baino gehiago dituelako. Baina ez da soilki Afrikara mugatzen. Pentsamolde animistaren jarraitzaileak 30 milioi dira Asian. Eta animismotik aski hurbil dauden gurtzak nonahi aukituko ditugu Hego Amerikan ere.

Alabaina, atzeraka ikusten dugu beste erlijioekin parekatuz gero. Duela 30 urte afrikar populazioaren erdia baino gehiago zen animista. Gaur egun portzentaia ez da %20a baino altuago (adineko eta leku isolatuetan bizi den jendea da batik bat animista).

Hala ere, beste erlijio bateko egin arren, askok eta askok animismoa praktikatzen jarraitzen dute hein batean. Beste gauza bat ere gertatzen da, alegia, mendebaldarren eta hauen razionalismoaren aurkako erreakzio gisako joera sortzen ari dela zenbait lekutan, arbasoen erritoetara itzuliz, sekta zenbait sortuz eta jarduera magikoak ugalduz.

Azkenik, independentzia nazionalak eraikitzeak etnologiaren gorakada ekarri du berarekin, eta benetakotasuna bilatu nahi izate horretan datza erlijio tradizionalen berpiztea. Animismora itzultze hori adierazpen bat izateaz gain, afrikanizaziorako baliabide ere bada.

Beraz, animismoa ez dago hilik.

ESPIRITUAK, ARIMAK ETA ARBASOAK

Animismoaren baitan benetan garrantzizkoena izatea duen orotan dagoen bizi-indar iraunkorraren eta unibertsalaren presentzia da. Honek hartzen ditu bere baitan: espiritua, mana, arima, bizimena. Ez da erraza bereiztea.

Alde batetik, etnia batetik bestera aldatu egiten direlako eta garaiaren arabera ere bai. Eta beste aldetik, espiritu, mana eta arima horiek Mendebaldeko bati, kanpotik begira jarrita, bere irizpideak huts egiten dizkiotelako. Batez ere, espirituaz mintzatzean.

Espiritua

Leku guztietan dago. Animalia nahiz arroka bati lot dakioke, edo iturriari nahiz zuhaitzari. Baina burujabe da. Bere bizitza propioa dauka. Hurbiltzen zaion edozeren gain ari izaten da, bufaloa edo zuhaitza izan babesleku.

On egitekoa ala gaitz egitekoa izan daiteke espirituaren eragina. Hala, espiritu onez eta espiritu gaiztoez mintza gaitezke. Boterearen egilea eta eragilea denez, eginkizun jakinak betetzen ditu.